MUTUTASUNA. ERREPUBLIKATUA
mututasuna
Sekula itzuliko ez diren garaien nostalgiak baino, inoiz iritsiko ez dugun etorkizunaren minak gaitu mututzen.
Ez gara gehiago jende, populu, komunitate. Orain norbanako gara, gizabanako, indibiduo, herritar. Plazak ahitu egin dira; ez dago lekurik, ez gatazkarentzat eta ez adostasunarentzat, nork bere erlijioa, nork bere jainkoa: norbera. Inkestetan parte har dezakegu, gure iritzia eman sarean, iruzkinak utzi han eta hemen, estatistikak gizentzeko ondo dago; audientzia gara, eta eredu horresekin egin nahi da kultura ere.
Audientzia gara: kontsumitzaile izaera beste loturarik gabe, elkartasunik gabe, kapitalak behar duen modukoak gara azkenean. Geure onena ematen diogu lanari, geure lagunak, geure garunak, geure denbora ematen diogu. Eta aisia ere produktiboa da: audientzia gara, egunkariak irakurtzen ditugu, bideoak ikusi sarean, zinera joan, telebistari begira egon. Horra paradoxa polita: lanik gabe dagoen jendea beti ari da lanean. Edo lan bila. Alderrai gabiltza, sustraiak sateliteetan ditugu, eta azpian lurrik ez, edozein unetan amilduko garen izua baino ez. Bestelako ereduak ditugu ments.
Baina, non jarri itxaropena? Estatuaren dimisioa erabatekoa da gaur, diru publikoarekin ordaindu ditugu zor pribatuak. Eta erakunde publikoen ahalmea eskasa da kapitalaren aldean. Nora ezean dabiltza agntariak, hurrengo hauteskundeak helburu bakar. Eta nora ezean dabiltza haien meneko egiturak ere (haien meneko direlako). Eta mututasuna gailendu da. Isilik geratzen denak badu hitz egitea. Mutu geratzen denak, hitz egin dezake?
errepublikatua
Inon eskelarik agertu ez bada ere, azkenak eman dditu Artelekuk; inor ohartu ez bada, aspalditik hilzorian zegoelako iza daiteke, seguruena. Orain beste zerbait izanen da, Tabakaleraren bihotza, proiektuaren motorra, baina ez da gehiago Arteleku izanen. Nostaldiarik ez, ordea. Ezer ez da izaten alferrik, eta beti geratzen da zerbait. Ahanzturak hartuko ditu eremu hauek egunen batean, baina bitartean, akaso baliagarri zaizkigu oraindik hemen egindako hainbat eta hainbat hausnarketa. Jende on asko pasa da bertatik, eta jende on askok idatzi du Zehar aldizkarian.
Iraganean aztarrika aritzea izan daiteke etorkizuna eraikitzen hasteko modu bat.
Eta horretan saiatu gara ale honetan, iluna argitara ekartzen. Artikulu interesgarri askoak zeuden hor, gordean, hautsak hartuta, eguzkiaren argia noiz ikusiko zain, eta berriro publikatzea erabaki dugu. Ariketa politikoa da, nahi baduzu, hautaketaren oinarrian dagoen kezka ere politikoa baita. Publikoaren kontzeptua bera da gaur egun jokoan dagoena, eta ez bakarrik kulturaren esparruan. Zertan dira gaur parte hartzeko moduak? Esfera publiko eta kritiko baten ideia bera da gainbehera etorri dena, eta eraldatzen ari dena etengabe. Kezka horri buruzko testuei plaza bat eskaini nahi genien, berriro ere, hartara hobeto ikus dadin
joandako denboretatik hona zer aldatu den, eta zer ez den aldatu hainbeste.
Kaleak ere aldatu egin dira, eta plazak, zer esanik ez. Gaur plazak ez dira lehengoak, urte gutxian asko aldatu da jendearen bizimodua, domestikoagoak gara orain, eta domestikatuagoak ere bai, seguru asko. Plazen argazkiak egiteko eskatu diogu Gari Garaialderi, eta haiek historia bat erakusten dute, egunero begien aurrean izan arren argazkitan desberdin ikusten dena.
Res publica hura, zertan da orain?
ZEHAR_68_EU_WEB.pdf
—
PDF document,
5028Kb
