Graffitiak
Duela egun batzuk Artelekuko alboetako horma bat grafitigile anonimoek egindako margoekin beteta agertu zen. Ustekabe galanta hartu genuen hasieran, baina ondoren hasierako ustekabea poz bihurtu zen emaitza ikusteko aukera izan genuen ia guztion artean.
Dirudienez, PALABRA basque graffiti aldizkarian (www.fotolog.net/palabra) Gordi alias CHUNK 1 delakoak bidalitako mezuak eman ditu bere fruituak, izan ere, gau hartan, trenbideak, autobideetako hormak, eraikinetako sabaiak, lantegi zaharrak edo gure hirietako metroak margotzera ateratzeko gonbitea egin baitzigun guztioi.
Arteleku sormen garaikiderako zentroa denez gero, guri ideia bikaina iruditzen zaigu horma horrelako gauzetarako erabiltzea. Espero dezagun elkar onartze hori bizilagun onen arteko harreman bihurtzea, espazio publiko bera okupatzen dutela dakiten baina, elkar ezagutu ez arren, bakoitzak bere mugak errespetatzen dituen bizilagunen artekoa, hain zuzen.
Artelekuko lan-taldea
