2011ean AUDIOLAB Artelekuk antolatutako ekitaldi eta egitasmoak
SOINU INPROBISAZIOA: Hemen eta orainerako estrategiak
John Cage konposatzaile iparramerikarrak 30. hamarkadan piano prestaturako obrak egin zituenetik musika tresnak estatus berri bat hartzen hasi ziren abangoardiako musiken barruan. Instrumentuak erabiltzeko modu berri hauek eskaintzen zituzten aukerak ikusita, musika sortzeko ikuspegiak konposizio klasiko-garaikidearen parametroetatik aldentzen hasi ziren, eta pixkanaka soinua askeago aditzera eman zitekeen lurralde berrietara mugitzen joan ziren, egoera berriak, praktika berriak eta musika ulertzeko modu berriak sortuz. Hala sortu zen 60ko hamarkadan inprobisazio askea, nolabait free-jazzaren eta musika garaikidearen oinordekoa. Instrumentuak prestatu egiten ziren, euren tradizioa ahaztu(a)z eta aukera berriak zabaldu(a)z.
ERIN SEXTON ALEXANDER WILSON + LOTY NEGARTI
Erin Sexton soinu artista eta inprobisatzaileak mugekin egiten du lan, bidean topatzen duen prozesu oro desarmatuz eta askotan kontrako muturrean bukatuz. Tablak, oszilatzaileak, azalera amplifikatuak, onda elektromagnetikoak jasotzen dituzten kable saltsak... langai hauekin Sextonek esperientzia gordin eta sublimeak sortzen ditu, bapatekotasunetik abiatu eta handik urrutira joz.
KK Null & The Noiser
Kazuyuki Kishino Japoniako noise musikaren mugimenduko izen nabarmenenetakoa da. The noiser (zaratazalea) izenaren azpian Julien Ottavi media-aktibista, artista, ikerlari, konposatzailea gordetzen da.
Oier Ia: Izenbururik gabe
Oier Iruretagoienak, bai Oier I.A. edo aurretik "Tüsüri" izenenpean hainbat disko argitaratu ditu eta dantza, antzerki, irrati, bideo, instalazio eta poesia emanaldietarako lanak konposatu ditu.
